1966/12/07 – 1993/09/26

XABIER

KALPARSORO

GOLMAIO

Zumaiako 26 urteko gazte bat hil zuen poliziak duela 31 urte.

Egin behera
gertatutakoa ezagutzeko

Bertsio ofizialaren arabera, zaindari bakarrarekin zegoen Xabier Kalparsoro Indautxuko polizia etxean, eskuburdinik gabe, garagardo bat edaten.

Zaindariari bultza egin, leihotik salto egin eta erorketaren ondorioz hil omen zen Xabi.

Hori izan zen
bertsio ofiziala

Hori izan zen

bertsio ofiziala.

Bada nahikoa froga eta informazio, ordea, kontakizun hori gezurtatu, eta estatu indarkeriaren eta torturen biktima izan zela agerian uzten duena.

Izan ere, bada argitu gabeko beste gertakizun larri bat: berak idatzitako gutun batean adierazi zuenez, hilabete batzuk lehenago Ertzaintzak atxilotu, drogatu eta ondoren aske utzi zuen, amu gisa erabiltzeko.

Zoritxarrez, erantzun gabeko galdera gehiegi daude Xabiri gertatutakoaren inguruan. Baina has gaitezen oinarrizko galderetatik.

Nor zen

Txato, Anuk

Xabi?

ENTZUN FAMILIAKOEK ETA LAGUNEK NOLA

DESKRIBATZEN DUTEN

ANUKEN EGIA DOKUMENTALA, 2011

1966

1966an jaio zen Xabier Kalparsoro Golmaio Zumaian (Gipuzkoa, Euskal Herria), familia abertzale batean. Oso gaztetatik izan zen pertsona mugitu eta konprometitua.

Ingurukoek gogoratzen dutenez, besteak beste monagillo izan zen. Gerora, buru-belarri aritu zen Jarrai gazte antolakundearen sorreran.

Irakur ezazue Maitane Intxaurraga kideak 2018an Xabiri buruz idatzitako artikulua

80ko hamarkadan hasi zuen militantzia Xabik. Jarrai gazte antolakundeko kide izan zen, eta baita Gipuzkoako arduradun politikoa ere.

Goazen
80ko hamarkadara

80ko hamarkada eztanda garaia izan zen euskal gazteriarentzat

Euskal Rock Erradikalaren barruan kokatu ohi diren taldeekin lotu izan da garai hori: RIP, Eskorbuto, Kortatu, Cicatriz…

Fanzineak, gaztetxeak, irrati libreak, Rock Erradikala, heroinaren hedapena, intsumisoen lehen borrokak, NATOren aurkako kanpaina, Nikaragua eta Salvadorreko iraultzekiko elkartasuna, industriaren birmoldaketa eta langabeziaren igoera…

Dena abiada bizian zihoan, gazteak kalean zeuden, martxa eta borroka giroa pil-pilean.

Testuinguru horretara egokitu behar izan zuen Jarrai erakunde sortu berriak. Horretan aritu zen Xabi ere, Jarraiko gainontzeko kideekin.
Testuinguru horretara egokitu behar izan zuen Jarrai erakunde sortu berriak, eta lehen unean ez zuen asmatu. Egokitze horretan barne eztabaidek garrantzi handia izan zuten; soldadutzaren gaiarekin lotutakoek, batik bat. Horietan, zuzendaritzako kide gisa, Xabik parte hartze aktiboa izan zuen.

Gainera, hainbatek diotenez, geroago Gazte Topagunea izango zen jaialdiaren lehen ideia Xabiri bururatu zitzaion. Tamalez, bera hil ondoren ospatu zen lehenengo topagunea, 1994an, Etxarri-Aranatzen.

Garai
haietan…

1983

17 urte zituela atxilotu zuen lehen aldiz Guardia Zibilak, baina berehala utzi zuten aske.

1991

25 urte zituela Zumaiatik ihes egin zuen, sabotaje ekintza batzuk tarteko atzetik baitzuen polizia.

Une bertsuan, ETAren eta Espainiako Gobernuaren arteko Aljerreko elkarrizketak egin izanak erakutsi zuen bidearen beldur, euskal nazio askapen mugimenduaren aurkako zokoratze estrategiari ekin zioten buru-belarri.

Demokratak eta biolentoak

1988ko urtarrilean sinatu zen Ajuriaeneko Itunak demokrata/biolento dikotomia ezarri zuen eta bidea zabaldu zion ondoren etorri zen errepresio bortitzari eta euskal presoen sakabanaketari.

1980ko hamarkadaren bigarren zatian gatazka politiko eta armatua gori-gorian zegoen

Garai odoltsuak izan ziren. Barealdi labur bat ekarri zuten Arjeleko elkarrizketek. Gatazka bide demokratikoetara eraman nahi izan zuen ETAk, baina Madrilek horri uko egin, eta bertan behera geratu ziren. Errepresioa gogortu zuen ondoren Estatuak, elkarrizketek eragindako kostu politikoa lurperatu asmoz, besteak beste.

1992ko Bidarteko operazioa

1992ko martxoaren 29an, ETAren aurkako operazio handi bat egin zuen Frantziako Poliziak Bidarten (Lapurdi). ETAren zuzendaritzako hainbat kide atxilotu zituzten.

Urte berean, harremanak hasi zituzten HBk eta EAJk, baina gutxi iraun zuten. EAJk Ajuriaeneko Itunarekin lerratuta jarraitu zuen.

Xingola urdinaren garaia

Aldi berean, kalean xingola urdinak, ETAren kontrako protestak, eta abar egon ziren. 1993ko uztailaren 5ean Julio Iglesias Zamora bahitu zuen ETAk. Ekintza horri erantzuteko, eta ETAren aurkako jarrera hauspotzeko, xingola urdina hartu zuen ikur moduan Gesto por la Paz koordinakundeak.

Hasiera batean, ETAren jarduera salatzen zuen xingola urdinak, baina, pixkanaka, euskal abertzaletasunaren kontrako ikur ere bihurtu zen. Horrek gatazkak eragin zituen aipatutako koordinakundean.

Bestalde, intsumisioaren aldeko borroka etengabe indartzen ari zen. Horrez gain, kalean gordin islatzen zen gatazka politikoa, poliziaren eta herritarren arteko aurrez aurreko enfrentamentuen bitartez.

90ko hamarkadak aurrera egin ahala, bi borroka horiek areagotu egin ziren.

Intsumisioa - Ekinklik

Testuinguru horretan zegoen Euskal Herria 1993an, eta hor kokatzen da Xabiren heriotza.

1993ko

irailaren 26an

hil zuten Xabi

Lehenago esan dugun moduan, 1983an, 17 urte zituela, atxilotu zuen lehen aldiz Guardia Zibilak, baina berehala utzi zuten aske. Beranduago, 1991n, 25 urterekin, Zumaiatik ihes egin zuen, sabotaje ekintza batzuk tarteko.

1993ko maiatzean ikusi zuten ingurukoek azken aldiz, Herri Urratsen. Iheslari zebilen orduan Ipar Euskal Herrian, eta han egin zen ETAko kide.

Uztailaren 13an Laudio inguruko mendietan ETAren zulo bat aurkitu zela zabaldu zen.

Uztail amaieran, Zumaian, Xabiren amaren etxea erregistratu zuen Espainiako Poliziak.

Hatz marken eta Xabirengana eramango zuten arrastoen bila aritu ziren.

ENTZUN EZAZUE MAITE GOLMAIO XABIREN AMAREN TESTIGANTZA

ANUKEN EGIA DOKUMENTALA, 2011

Abuztuaren 29an, Anuk ezizeneko iheslari bat Laudion atxilotu zutela zioen deia jaso zuten Egin-eko erredakzioan.

Kazetariek, atxiloketa baieztatzeko, Ertzaintzara eta Gasteizko Gobernu Zibilera deitu zuten, baina ez zieten inongo informaziorik eman. Artean etxekoek ez zekiten Xabik Anuk ezizena erabiltzen zuela.

Irailaren 23an, Durangoko udaltzainek Xabi atxilotu zutela jakin zuten etxekoek.

ENTZUN ATXILOKETAREN NONDIK NORAKOAK INGURUKOEN AHOTIK

ANUKEN EGIA DOKUMENTALA, 2011

Durangoko udaltzainak Zumaiakoekin harremanetan jarri, eta Xabi atxilotuta zegoela esan zieten. Harekin egondako udaltzainen esanetan, “burutik joanda” bezala zegoen. ETAkoa zela esan zien Xabik udaltzainei.

Lekukoen arabera, askotariko poliziak joan ziren Durangora: Ertzaintza, Guardia Zibila, Espainiako Polizia…

Azkenean, Espainiako Poliziak eraman zuen Xabi Indautxuko komisaldegira, inkomunikatuta.

Senideak hara iristean, Basurtoko ospitalean zegoela esan zieten, ZIUn.

Poliziaz josita zegoen ospitalea, eta Maiteri, Xabiren amari, ez zioten utzi semea ikusten.

Xabik Indautxuko komisaldegiko leihotik salto egin zuela esan zion poliziak, eta horregatik zegoela hain larri.

Bigarren egunean bost minutuz ikusi ahal izan zuen Maitek Xabi, hura koman zegoela. Handik gutxira hil zen.

Egun gutxiren buruan komisaldegian hil zen bigarren euskal herritarra zen Xabi.

Izan ere, Gurutze Iantzi urnietarra oroitzeko ekitaldiak egiten ari ziren bitartean baieztatu zen Xabiren heriotza. Guardia Zibilaren Tres Cantoseko (Madril) kuartelean hil zuten Gurutze.
Hilabete lehenago, beste euskal herritar bat hil zen Ertzaintzaren komisaldegian: Juan Calvo gasteiztarra.

Amnistiaren Aldeko Batzordeek bi heriotzak tortura sistematikoaren ondorio izan zirela salatu zuten.

Horrekin batera, gogor kritikatu zuen Ajuriaeneko Itunaren barruko alderdien jarrera.

Xabiren heriotzaren autopsiak ez zuen erantzun garbirik eman. 

Heriotza hartutako kolpearen ondorio izan zela zehaztu zuen, ez besterik. Zabalik utzi zituen hipotesiak, baina, hala ere, gorpua komisaldegiko hormatik gertu geratu zela zioen; hots, ohiko jauzi bat eginda geratuko litzatekeena baino hurbilago.

Erorketaren bertsioa zalantzan jartzeko, eta, torturatua izan zela pentsatzeko arrazoi gehiago ere baziren. Irakur itzazue hemen.

Xabi hil eta gutxira, zer gertatu zitzaion ulertzeko balioko zuen informazio eta gutunak argitaratzen hasi ziren.

Abuztuan gertatutako bahiketa

ETAren agiria

Xabi hil aurreko data duen ETAren agiri bat argitaratu zen hura hil eta gutxira. Abuztuan indar polizialek Xabi torturapean bahiturik izan zutela zioen bertan erakundeak.

Era berean, Xabi koma egoeran egotea, abuztuko gertaera horien ondorengo hilketa-saiakeraren ondorio izan zitekeela salatu zuen.

Abuztuan Egin egunkariak argitara emandako informaziorekin lotura zuzena zuen agirian esandakoak.

Irakur ezazue Egunkariako albistea (1993/09/29)

Zer zekien Corcuerak?

Jose Luis Corcuera Espainiako Barne ministroak ukatu egin zuen tratu txarrik izan zenik, eta, are, beste atxilotu batzuei emandakoa baino tratu hobea eman zitzaiola ere esan zuen.

Edonola ere, Corcueraren adierazpenek beste galdera ikur bat jarri zuten ordurako nahasia zen auzian.

“¿Es este Galparsoro el que estuvo detenido en agosto en las dependencias policiales de Llodio, con el sobrenombre de Anuk? [Galparsoro hau al da abuztuan Laudion Poliziaren eskuetan egon zena, Anuk ezizenekoa?]”, galdetu zion Joxe Joan Txabarri EAJko diputatuak.

Corcuerak erantzun zuen bazitekeela Kalparsoro izatea abuztuan Laudion Espainiako Poliziak atxilotu zuena, baina gezurtatu egin zuen Xabi mendira eraman zutenik.

Azken informazio hori ez zuen aurrez inork publikoki aipatu. Aldiz, Egin-era egindako dei anonimoetako batean baieztatutakoarekin eta Xabiren amari kontutakoarekin bat zetorren Corcuerak iradokitako informazioa.

Xabiren gutuna

Artean Xabiren autopsiaren emaitzarik ez zela, Egin-ek publiko egin zuen Xabik ETAri bidalitako gutun bat, irailaren 10ekoa, Durangon atxilotu baino bi aste lehenagokoa.

Ertzaintzak Laudioko mendi batean atxilotu eta drogatu zuela zioen bertan Xabik, eta eman zitzaizkion drogen eraginpean bizitako aluzinazio eta galdeketak kontatu zituen.

Haren kontakizunaren arabera, abuztuaren 22an, Gasteizen zegoela, Polizia atzetik zebilkiola ohartu zen. Hiru egunez laguntzaileen etxeetan ibili zela zioen, eta Laudioko mendi batean “segada jarri” ziotela.

“Los zipaios me detuvieron, me drogaron, hipnotizaron, lavaron el cerebro o lo que sea y me volvieron a dejar en la calle. Me han estado y están utilizando [Atxilotu, drogatu, hipnotizatu, burmuina garbitu edo dena delakoa egin zidaten, eta gero berriz kalean utzi. Erabili naute eta erabiltzen ari zaizkit]”.

1993ko azaroan, lau gazte Espainiako Auzitegi Nazionalean aurkeztu ziren, eta Xabiren gutunetako edukia baieztatu zuten.
Irakur ezazue Egunkariako albistea (1993/10/18)

Gasteizen berekin egondakoen kontakizuna

Hala Bedi Gasteizko hedabideak 2018an erreportaje bat argitaratu zuen Xabiren Arabako ibileren gaineko zenbait pista ematen zituena. Heriotzaren 26. urteurrenean, kasuari buruzko informazio gehiago zuten herritar anonimoen kontakizunak bildu zituen. Haien esanetan, 1993ko udan Iparraldetik Gasteiz ingurura iritsi zen Xabi, Araban ETA erakundearen nolabaiteko azpiegitura sortzeko mandatuarekin.

Atxiloketa:

Abuztuan zehar polizia atzetik zuela konturatu omen zen, eta abuztuko azken astean atxilotu zuten gero, Laudio inguruan. Xabik berak bere kideei esandakoaren arabera, “aire zabaleko base militar” batean izan zuten atxilo hiru egunez.

(*) Hala Bediren esanetan, deskribapenagatik, Xabik aipatzen zuen lekua Bernedo udalerrian dagoen Berrozi eremua izan daiteke. Eremu hori Eusko Jaurlaritzako Barne Sailaren jabetzakoa da, eta Ertzaintzako Berrozi talde bereziko agenteek entrenatzeko erabiltzen dituzte hango instalazioak.

Atxiloketa osteko Gasteizko ibilerak eta noraeza:

Hiru egunez atxilo eduki ondotik, inguru menditsu batean utzi zuten aske. Gasteizeko kontaktu bati deitzea lortu zuen, eta babes eman zioten etxe batean.

Hurrengo egunean, ordea, polizia jarraitzen ari zitzaiola pentsatuta, bere babeslekua utzi zuen. Egun osoan noraezean ibili ondoren, aspaldiko ezagun batekin topo egin zuen Gasteizko taberna batean.

Egun batzuk eman zituen babesleku batean, baina bere noraez egoera tarteko, eta laguntzen ari zitzaizkionei buruzko susmoak zirela eta (polizia operazioaren parte izan zitezkeenaren susmoa zuen), berriro ihes egitea erabaki zuen, poliziak jazarriko ote zuen beldurrez. Egun haietan berekin egon zirenen arabera, Xabi erabat txikituta zegoen.

Gasteizen ihesean ikusi zutenekoa

Bernardo Atxaga idazleak kontatua duenez, 1993ko abuztuan Gasteizko Xabi berarengana joan zen, Dato kalean zegoela. “Beste horiek” atzetik zituela esan zion, eta joan beharra zuela. Handik gutxira, Xabiren heriotzaren berri izan zuen, egunkarian.

Bernardo Atxaga

Euskadi Irratia, 2018

Hilketa eta gerokoak:

samina, protestak eta elkartasuna

Xabiren heriotzak zirrara eta astinaldi gogorra ekarri zuen Zumaiarentzat, baita Euskal Herriarentzat ere. Samin eta protesta egunak izan ziren etorriko zirenak.

Basurtoko ospitalean haren gorpua atera zutenean herritar ugarik jaso zuten, ¡Policia asesina! oihu artean.

Irailaren 28an,
16:00ak aldean
heldu zen Xabiren gorpua Zumaiara.

Milaka lagun zituen zain bertan, eta oihu artean jaso zuten. Herriko balkoi askotan xingola beltzak zituzten ikurrinak eskegi zituzten. Hilkutxa udaletxeko pleno aretora eraman zuten Xabiren lagun eta kideek, eta han egon zen 18:00ak arte. Iluntzean omenaldia egin zioten Beheko plazan.

Argazkiak (utzitakoak): Clemente Bernad

Saminaz gain, protesta handiak ere eragin zituzten Xabiren eta Gurutzeren hilketek.

Herri Batasunak grebara deitu zuen Gipuzkoan, esaterako, eta erantzun zabala izan zuen. Goizean goizetik piketeek barrikada ugari egin zituzten Gipuzkoako trenbideetan eta errepideetan, eta itxita izan ziren komertzio eta enpresa ugari.

Izan ere, bi hilketek hasieratik izan zituzten tortura zantzuak, eta aurrekariek ere pentsarazi zezaketen torturatuak izan zirela.

Elkartasuna eta omenaldiak ere jazarri zituzten.

Orduko giro itogarriaren erakusle da, esaterako, Anje Duhalde musikariari gertatutakoa. Xabi hil berritan kontzertua eman zuen, eta aipamena egin zien Xabiren zein Gurutzeren heriotzei. Ondorioz, EAJren esku zegoen Bizkaiko Foru Aldundiak Herriz Herri programatik kanporatu zuen. Zentsura salatu zuen Anje Duhaldek.

Irtenbiderik ez

Anje Duhalde

Auzibidean biderik ez

Hiru salaketa

Xabiren senideek, Torturaren Aurkako Taldeak eta Zumaiako Udalak salaketa bana jarri zuten epaitegian, baina ekinbideak artxibatu egin zituzten Xabi hil zen urteko abenduan. Hala ere, akusazioaren helegitea entzunda, Bilboko epaitegiak epaiketarako prozedura zabaltzea ebatzi zuen 1995ean.

Bi auzibide

Bi auzibide zabaldu zituen kasuak. Batetik, Xabiren atxiloketa legez kanpokoa izan ote zen ikertzeko eskatu zuten haren senideek, eta, bestetik, epaileak Indautxuko polizia etxeko lau agente auzipetu zituen. Azken horrek egin zuen biderik luzeena.

6 hilabeteko zigorra eta 6.250.000 pezetako kalte ordaina

2000. urtean epaitu zituzten lau agente horiek. Azkenean, lau polizia horietatik biri sei hilabeteko zigorra eta 6.250.000 pezetako kalte ordaina ezarri zieten, Xabik “leiho batetik jauzi egiteko” aukera ez saihesteagatik.

Irakur ezazue Egunkaria-ko albistea (2000/05/24)

Hala ere, inork ez du halako zigorrik bete, Espainiako Auzitegi Gorenak falta soil batera murriztu baitzuen epaia.

“Gehiago ikertu beharreko kasua”

Xabiren kasua gehiago ikertu beharra dagoela jaso zuen Eusko Jaurlaritzarentzat egindako txosten batek, 2016ean. Oroitzapenezko ekintzak eta biktimen aitortza sustatzen laguntzeko udalei eskaintzen zaien agiri informatiboan zetorren kasuaren aipamena, Zumaiari dagokion atalean.

Txostenak heriotzari egiten dio erreferentzia, baina, kasu honetan, Ertzaintza interpelatzen duten gertaerak egonik, Eusko Jaurlaritzak ez al du esateko gehiagorik?

Anuken egia, herritarron memorian

Egia ofizialaren faltan, herritarrok gogoan dugu gertatutakoa. Eta gogoan dugu Xabi, gogoan Txato, eta gogoan Anuk.

2017ko martxoaren 24an hil zen Maite Golmaio, Xabiren ama, Egia Jakiteko Nazioarteko Egunean, hain zuzen ere.

Kasu honen gainean isiltasuna izan da arau orokorra. Bere garaian, Egin eta Euskaldunon Egunkaria egunkariak, eta Baleike Zumaiako tokiko hedabidea izan ziren kasuari jarraipena egin, eta salaketei bide eman zieten gutxienetakoak. Gainontzeko hedabideek eta alderdi politiko gehienek bertsio ofizialari heldu zioten.

Gerora, Audientzia Nazioanalak, estrategia antiterroristaren barruan, itxi egin zituzten bi egunkari horiek: 1998an Egin, eta 2003an Euskaldunon Egunkaria. Kazetariak eta zuzendariak atxilotuak eta torturatuak izan ziren bi kasu horietan. Aipatzekoa da, gutxienez, webgune honetan erabilitako dokumentu gehienak, gertatutakoaren lekukotza jaso zuten hedabideek argitaratutakoak direla, eta gerora ilegalizatuak izan zirela.

Ez gara gertatutakoa gogoratzen duten bakarrak, ordea. 2014an, gazte independentisten aurka Espainiako Auzitegi Nazionalean egindako epaiketa batean, beste testigantza mingarri batek gogora ekarri zuen Xabiri gertatutakoa.

Xabi Bidaurre gazte auzipetutakoak modu honetan azaldu zuen berarekin Poliziak egindakoa, Berria egunkariak jaso zuenez: «[Indautxuko polizia etxean, Bilbon] leiho batera hurbildu ninduten, eta galdetu zidaten ea banekien nor zen ‘Txato’ —Xabier Kalparsoro, 1993an hil zen han bertan, polizien eskuetan—. ‘Gudari bat zen, zu bezala, eta zu jaio zinen urtean hemendik behera bota genuen’».

Estatuaren indarkeriarekiko zigorgabetasunaren eta isiltasunaren aurrean, bada Xabi gogoratu eta Xabiri egin ziotena kontatuko duen pertsona talde bat.

Denok ez dugu berdin kontatuko historia. Eta hau da gure mina, gure egia.

Nork idatziko du guri gertatutakoari buruzko nobela edo ipuina, nork egingo du guri gertatutakoari buruzko filma?, galdetzen zuen hor nonbait behin torturatua izan zenak. Bada, guk.

Hemen historiaren zati bat, herriak oroimenean gorde dezan.

Mas no importa –dijo Dick Turpin–, huiremos por la claraboya!

Joan Liburutegira

Eta itzultzen ez banaiz…
gorrota itzazu bakearen pipa erretzen dutenak.
Beti beranduegi heltzen direnak.
Kafe kikara baten atzean borrokatzen direnak.
Ortzadarraren margoekin jostatzen direnak.
Euren katarroak egunkarietan hedatzen dituztenak.
Hautagaitzak eta dominak bildumatzen dituztenak.
Eta itzultzen ez banaiz…
Maita itzazu errezetarik gabe gosaltzen dutenak.
Galdeketetan gezurra esaten dutenak.
Lili, sagar eta zerraldo lapurrak.
Lurperatzaileak lurperatzeko,
hildakoak desehortzen dituztenak.
Beti egia esaten dutenak.

Tomas Borge (Testamento)

Ahanzturaren aurka, memoriaren alde

Hegiak

Lege oharra